Biografia

Oxabi taldea 2006. urtean jaio zen, Galdakaon (Bizkaia), herrian eta inguruko eskualdeetan gazteentzako erromeria talderik ez zegoela bultzatuta. Horrela batu ziren aurretik lagunak ziren Jon Eguskiza, Aritz Uriarte, Asier Balentzia, Urtzi Enrikez eta Jon Gomez Garai musikari-lagunak.

Lehenengo lau urteak formatu akustikoan aritu ziren kalejirak eta kaleko saioak eskaintzen. Kontzertuak ere eskaintzen zituen taldeak hasierako urte haietan, baina noski, neurri txikiko kontzertuak izaten zituzten taberna, gaztetxe eta antzeko eraikinetan.

Ordea, 2009. urtean agertoki handietara jauzia egin zuten oxabitarrek, ohiko zituzten instrumentuei —trikitixa, panderoa, alboka, bibolina, dultzaina, txirula…— bateria, baxua, gitarra elektrikoa eta metalezko haizeak sartuta. Galdakaon antolatu zen Ibilaldiaren amaierako kontzerturako egin zuten formatu handitze hori. Eta kontzertu honen arrakasta ikusita erabaki zuten taldekideek Oxabi handitzeko beharra zegoela.

Geroztik ehunka kontzertu eman ditu Oxabik Euskal Herri osotik, baita kanpoko herrialdeetatik ere. Gure herrialdetik kanpo aipatzekoak dira, esaterako, Eskozian eta Mallorkan eskainitako saioak edota, Euskal Herrian zehar, San Mames estadioan eskainitako bi kontzertuak —2015eko Kopako finalean eta urte bereko Gure Eskuren ekitaldi nazionalean—, goi-mailako musikari zein abeslari ezagunez inguraturik Bilboko Areatzan eta Gernikako «Gu be zuek gara» jaialdi solidarioan eskainitako kontzertu bereziak…

Koronabirusak eragindako pandemiaren aurretik, 2019an, «Espero dena» kantu propioa kaleratu zuen Oxabik, Gaztea hedabidean asteko abestia izanik. Eta pandemiaren ostean aldiz, plazak betetzen jarraitzen du taldeak doan tokira doala Gernika-Lumo, Galdakao, Arrasate eta Bermeoko taldekideak bidelagun dituela: Gontzal Carrasco (trikitixa), Xabi Bengoa (gitarra), Markel Arevalo (baxua), Jonmi Garcia (bateria), Eneko Arraibi (saxofoia), Jurgi Iraola (tronboia) eta Jon Gomez Garai (ahotsa).

Oxabiren zuzenekoetan —aipatutako instrumentuez gain— teklatu, sintetizadore eta perkusio gehigarriz hornitutako ikuskizun boteretsuaz gozatuko du publikoak, atzoko eta gaurko euskal kanturik onenei errepaso eginez.