«Espero dena» kaleratu dugu!

Hamahiru urte plazarik plaza gure inguruko kantu eta dantzarik ezagunenak jo eta kantatzen ibili ostean, gure kantu propioarekin ausartu gara orain eta «Espero dena» abestia kaleratu berri dugu.

Taldea 2006tik dabil Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo ehunka plaza alaitzen; dantzan eta kantuan egitekoak edo, beste barik bada ere, gorputzari pozaldi uneak eskaintzeko abestiak interpretatzen. Baina hamahiru urteko ibilbide luze horretan, oraindik gazte-gaztea den taldeak beti jo eta kantatu izan ditu besteen lanak, noski, horretan oinarritzen direlako erromeria taldeak.

Ordea, orain pausu berri bat eman eta abesti propio berriarekin frogatu gura izan dugu, jendarteari —eta bereziki gazteriari— alaitasuna, positibismoa eta norbere buruan sinisteko indarra eskaintzeko asmoz.

Komunikabideak piztea baino ez dago munduan egunero gertatzen diren ezbeharrez ohartzeko, eta horrek gazteengan ere eragin zuzena duela uste dugu: «Izan albiste txarrak direlako, zure ingurukoek zugandik espero dutena ez zarelako edo Sare Sozialen bitartez gure buruari exijitzen diogun irudiaren exijentzia-maila altua delako, oso tarte gutxi geratzen zaigu bakoitza den horretaz gozatzeko».

Beraz, taldeak guzti horrekin amaitu eta euskal gizarteari positibismoaren aldarrikapen irmoa eskaini gura dio «Espero dena» kantu berriaren bitartez.

 

Letra irakurri, bideoklipa ikusi eta abestia bera deskargatzeko, egin klik hemen.